XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez-Lerrotuen arteko Biltzarrean Kanbodiaz bereziki mintzo
Nikaraguak Phnom Penh-en errejimena onartu eta ezagutu.

LA HABANA (Efe).

Ez-lerrotuen Kanpo Arazoetako ministroen politika eta ekonomikako batzordeek, Kubak aurkeztu zuen azken agiria analizatu, aztertu eta estudiatu zuten atzo.

Nahiz eta ordezkari batzu agirian zetorren guztiarekin ez zeuden oso konforme, ez da uste aldakuntza haundirik izango duenik dokumentuak.

Atzo ere Kampuchea-z mintzatu ziren batzarrean; egia da, joan den ostiralean, bost orduko eztabaida izan zela Kampucheari buruz, baina, hala ere, gai hori berriro aipatu behar zela esan zuten ordezkari askok.

Auzia hauxe da: Pol Pot-en alde jarri edo bestela Kampuchea herritarraren alde.

Aukera egiterakoan zatiketa eman zen ordezkarien artean, lehenbizikoaren alde baitziren banaka batzu, bigarrengoaren alde beste batzu.

Halaz guztiz ere badirudi eskainua hutsik geratuko dela; mugimendu horretan parte haundia duten Angola, India eta Siriak, halaxe eskatu baitzuten.

Ez-Lerrotuen artean egin den seigarren Biltzarrean, Nikaraguak Kampucheako Errepublika Herritarra onartu zuen.

Efe agentziak zabaldu duenez, Panamak ere laster ezagutu eta onartuko du Kanpucheako Errepublika, zeina eraikiko baita Pol Pot-ek utzi duen hondamendiaren gainean.

Agiriarekin ez denak konforme.

Ez-Lerrotuen Biltzarrari bukaera emateko Kubak elaboratu duen agiriaz ez daude denak konforme, urrik eman ere, Panama dugu horietako bat.

Esate baterako, agirian datorren 131. artikuluaren kontra dago Panama, non esaten baita Tratado Interamericano de Asistencia Recíproca TIAR delakoa desegin eta apurtu egin behar dela.

Carlos Ozorez, Panamako kantzilerrak Efe agentziari adierazi zionez, Hego Amerikako nazio gehienak daude puntu horretan agiriaren kontra.

Hala ere, Nikaraguako ordezkariak Elkarte hori behingoz salatzeko ordua iritsi dela zioen.

Agirian aipatzen diren Puerto Rico, Belice eta Txilez ere bada, elkarren artean, eztabaida eta sesiorik.

Agirian esaten denez, autodeterminaziora iritsi behar luke Puerto Ricok.

Horretan konforme da Panama.

Baina askok aipatzen omen dute Puerto Ricoko independentzia ere; horretan, huts egiten duela askok, esan zuen Panamako kantzilerrak.

Belice eta Guatemalaren artean ematen diren iskanbilak direla eta, agirian Guatemalaz aipatzen denaz ere ez zegoela konforme esan zuen kantzilerrak.

Beliceren autodeterminazioa, independentzia eta lurraldearen osotasuna lortzeko Guatemalak Belicekoen kontra egiten dituen mehatxuak eta basakeriak, Guatemalak hori guztia egiteari utzi beharko liokeela esaten da agirian.

Guatemalaren kondukta gaitzetsiz agirian esaten direnak, haundiegitxoak dira kantzilerraren ustez.

Guatemala eta Beliceren arteko iskanbilak zirela eta, 1976. urtean Panamak Guatemalarekin harreman diplomatiko guztiak hautsi zituen, nahiz eta berriro, 1978ko urtean, harreman horiek berritu ziren.

Agiriaren 146. puntuan Txileri buruz esaten direnetan ere, erreserba zenbait du Panamak.

Biltzarrera bildu diren guztiei eskatzen zaie, Txileri gero eta boikot haundiagoa egiteko, Pinochet-en politika basa behin eta betiko lurpean gera dadin.